Gaurko bisita... Vadillo Aholkularitza Taldea

Hilabete honetan, Jundiz enpresa-parkean enpresaz enpresa egiten dugun ibilbidean, Vadillo Aholkularitza Taldera hurbildu gara. Familia-enpresa hau erreferentea da Gasteizen, 70 urtetik gorako bidea egin baitu dagoeneko.
Gaur egun, hirugarren belaunaldiak dauka enpresaren ardura, Jose Antonio Gomez Vadillo buru dela, eta enpresak lurralde arabarrean dauzka bulego estrategikoak (bat, Gasteizen erdigunean), egoitza-merkatuari aseguru-artekaritzako zerbitzuak emateko. Egoitza, ordea, Jundiz industrialdean dago, eta ETE-ak, ETE txikiak eta administrazio publikoa ditu xede. Hirugarren bulegoa Guardian dago, eta beste bat ireki berri dute Oionen, besteak beste Arabako Errioxako nekazaritza- eta ardogintza-sektoreei zerbitzu espezializatua emateko.
Jundizeko bulegoetara egin dugun bisitan, Amaya Chaparrok eta Andrea Gomezek egin digute harrera. Biak ala biak dira aholkulariak, eta hainbat urteko eskarmentua daukate enpresan. Halaber, biek azpimarratu dute enpresa etorkizuneko aholkularitza-zerbitzua emateko eraldaketa-prozesuan dagoela: “Orain arte eman ditugun zerbitzuak ematen jarraituko dugu, baina balio erantsi batekin; hala nola, teknologiak eta datuen analisiak emango digute balio erantsi hori”, adierazi du Amayak. Datua informazio bihurtzen duen eta askotariko bezeroen premiei aurrea hartzen dien aholkularitza-enpresa da.
Vadillo Aholkularitza Taldeak eskaintzen dituen soluzioak % 100ean egokitu dakizkieke antolakunde guztiei, askotariko gaietan: arlo juridiko, fiskal eta kontularitzakoan, aseguruen artekaritzan eta bezeroen premien neurrira egindako proiektuetan. Horretaz gain, eduki praktikoa eskaintzen dute, modu pedagogikoan eskaini ere, zuzenbide teknologikoari, zibersegurtasunari, datuen babesari eta abarri buruzko prestakuntzak in company emanez, bezeroek gero eta argiago ikus dezaten zenbateraino betetzen dituzten arauak:
“Bezeroei bizitza erraztu nahi diegu, eta haien premiei arreta eman. Hori dela-eta, aldaketa-une batean gaude; barne-mailan, geure burua egokitzen ari gara, zerbitzu oso eta pertsonalizatuagoa eman ahal izateko”, baieztatu du Andreak, gaur egungo egoerari buruz galdetu diogunean.
Vadillo Aholkularitza Taldeko zerbitzu guztiak GAK (Gobernua, Arriskua eta Konplimendua) ereduan oinarrituta daude; hau da, arriskua kudeatzeko eta kontrol-esparruak ezartzeko metodologian, tresna teknologikoetan bermatuz. “Gobernua lidergoaren kulturarekin eta goi-zuzendaritzak legea betetzeko proiektuekin lotzen da. Guretzat, beharrezko kontrolak eta ekintzak ezartzea da konplimendua. Bestetik, arriskuaren kudeaketa arriskuak identifikatu eta jorratzeko gaitasunarekin lotzen da”.
Covid-19aren pandemiak eragindako egoerak oso modu drastikoan aldatu du ekonomiaren eta merkatuaren errealitatea. Vadillo Aholkularitza Taldeari, ordea, aldaketa egiteko bultzada ekarri dio horrek. “Egoera honek ziurgabetasuna areagotu du, eta, sektore honentzat, aukera bat da hori, arriskuaren kudeaketatik abiatuz gero. Orain, profesional malgu eta balioaniztunagoen taldea gara. Era berean, adierazi beharra dago erronka izan dela eta hala izaten jarraitzen duela; izan ere, oso denbora gutxian, araudi berrietara egokitu behar izan dugu, bezeroei honelako gaietan lagundu ahal izateko: enplegu-erregulazioko espedienteak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, informazioaren segurtasuna eta zuzenbide teknologikoa, gero eta atal garrantzitsuagoa baita”, ondorioztatu du Amayak, pandemiak nola eragin dien galdetu diogunean.