Gaurko bisita...Ucieza

Tomás Pérez Merino gerente de Ucieza

Hilabete honetan, Uciezara hurbildu gara, industria-nabeen, logistiken eta industria-lurzoruen kudeaketan nahiz merkaturatzean espezializatutako enpresa arabarrera. Izaera pribatuko enpresarik ez zuen merkatu bati erantzuteko sortu zen Ucieza, eta, gutxika-gutxika, ospea lortu du sektorean. Tomás Pérez Merino kudeatzaileak egin digu harrera, eta hasiera-hasieratik eman digu enpresaren balioen berri: "Higiezinen produktu oso espezifikoa eskaintzen dugu; are, Araban bakarrak gara, eta horixe da gure balio nagusia. Bestalde, estatuko nahiz nazioarteko merkaturatzaile handiekin lankidetzan aritzen gara industria-arloko operadore eta bezeroentzako nabeak eta lurzoruak bilatzeko orduan".

Hainbat urtean pilatutako eskarmentua da Jundizko enpresa honek konpainiarako, negoziorako edo bulegorako instalazio bila dabiltzanei eskaintzen dien berme nagusia. "Gilsan hasi nuen ibilbide profesionala, industria-nabeetan obrak egiten, eta, beraz, eskarmentua daukat merkatu horretan. Uciezan, soluzio zehatzen eskaintzan espezializatu gara, industria-nabeak edo -pabiloiak, lursail komertzialak zein bulegoak alokatzeko edo saltzeko arloan. Bezeroek behar dutena bilatzen dugu". Higiezinen jabeak eta nabeen amaierako erabiltzaileak dira beren bezero nagusiak.

Pabellón Ucieza Pabellón Ucieza

2020an, logistikaren merkatua izugarri igo zen estatu-mailan; hein handi batean, COVID-19aren pandemiaren inpaktuak eta konfinamendu zorrotzek merkataritza elektronikoan eragindako goraldiarengatik. “Pandemiak guztioi eragin digu, ekonomia eten baitu. Hala ere, ‘azken milla’ deituriko nabeen bilaketak gora egin duela ikusi dugu: paketeriaren eta logistikaren sektorerako nabeak dira”.

Logistikaren eta garraioaren sektorea irakinaldian dago orain: "Oraintxe bertan, merkatu honen motorra dira. Inbertsio-funtsak Euskadira etortzen ari dira, jarduera etenda duten lurzoruen eta nabeen bila, logistikara bideratutako enpresa-proiektu berrietarako. Erosteko unean, oso agresiboak dira, eta, ondorioz, inbertitzeko modua izugarri aldatzen ari da", esan du Tomásek.

Testuinguru horretan, Jundizko enpresa-parkea oso eremu erakargarria da inbertsio-funtsak eta operadore logistikoak ezartzeko, Gasteiztik 3 kilometrora besterik ez dagoelako, autobidetik hurbil-hurbil. Gainera, Euskadin industria-jarduera handia duen zonaldea da.

Privacy Preference Center