Gaurko bisita... Seral

Mesa hecha a mano

Hilabete honetan, Seral ebanisteria eta aroztegira ekarri gaitu Jundizko enpresa-parkeko industrietatik egiten dugun ibilbideak. Amane eta Richardek egin digute harrera, beraiek baitira 30 urtetik gorako historia duen negozio honen jabeak. “Ezin genuen negozio hau erosteko aukera galdu, gustatzen zaizkigun eta egiten dakizkigun gauzak fabrikatu ditzakegu-eta hemen”, esan digu Amanek, tailerra ikusten ari ginela. Estatu Batuetan hainbat urte egin ondoren, Gasteiz jaioterrira itzultzea erabaki zuen Amane ingeniari aeronautikoak, bizitza berri bati ekiteko. Eta, abentura berrian, Richard senarra (ingeniaria bera ere) ezin zitekeen falta.

"Euskadira itzuli nahi genuen, eta uztailean iritsi zitzaigun luzaroan espero izandakoa: arotzeria bat salgai Gasteizen. Nik eskarmentu handia daukat altzarien fabrikazioan eta barrualdeen diseinuan, Seattlen horretan aritu bainintzen lanean. Bada, ekiteko eta geure negozioa edukitzeko unea zen", baieztatu du Richardek, Estatu Batuetan (jaioterrian) izandako esperientziari buruz.

Seral ebanisteria eta aroztegia da, eta edozein egur motatan lanak neurrira egitea du ezaugarri nagusia. Amane eta Richardek arotzeria "tradizionalaren" filosofiarekin jarraitu nahi dute, baina material, diseinu eta teknologia berriak sartuta. "Egurra beste material batzuekin konbinatzeko mekanismo, egitura eta aukeretan daukagun ezagutzak bereizten gaitu besteengandik. Teknologia berriak ekarri ditugu enpresara, ingeniari gisa aurretik erabili izan ditugunak eta, orain, altzariak edota pieza konplexuagoak egiteko balio digutenak".

Jabe berrientzat, ezinbestekoa da neurrirako proiektu pertsonalizatuak (ateak, armairuak, jantzitegiak, leihoak, sukaldeak...) ideia sortzen denetik lana amaitu arte egitea, eta bezeroei aholku etengabea ematea. Jakina, artisau-lana eta teknologia berriek arotzeriari egin diezaioketen ekarpena bazter utzi gabe. Seralen planen artean, honako hauek daude: bezeroari ematen dioten zerbitzua indartzea eta etxerako altzari edo pieza berdingabeak diseinatzea. "Bezeroei zerbitzu hurbila eskaini nahi diegu, bakoitzaren premiei egokitutako zerbitzu bat. Seralen, partikular batentzako egurrezko listoiak egin ditzakegu, baina baita diseinu berezia nahi duen arkitektura-estudio baterako sukaldeko altzariak ere", adierazi du Amanek.

Amane eta Richardek lanbidea arte bihurtzen dute, eta grina handiz bizi dute hori: "Historiadun altzariak gustatzen zaizkigu, pieza bat nondik datorren jakitea eta pieza hori eraldatzea, esanahi bat izan eta denboran iraun dezan. Ez diogu beldurrik klasikoa eta modernoa uztartzeari edota gremio ezberdinak (adibidez, harria eta metala) nahasteari, zerbait berdingabea sortzeko", gaineratu du Richardek Seral berriari buruz.

Privacy Preference Center