Gaurko bisita... Panattoni

Jundiz industrialdeko industria eta zerbitzuetan barrena egiten ari garen ibilbidean, hilabete honetan Panattoni enpresara joan gara, mundu mailan parke logistikoak eta industrialak sustatu eta garatzeaz arduratzen den multinazionala. Europan aitzindari den konpainia estatubatuarrak 57.000 metro karratuko lurzati bat erosi berri du Jundizen, proiektu logistiko bati ekiteko; horri esker, 19.000 eta 13.000 metro karratuko bi pabiloi modulagarri egin ahal izango ditu banaketa eta biltegiratze lanetarako.
"Jundiz industria parkea oso leku erakargarria da inbertsio funtsentzat eta logistikako operadoreentzat bere kokapenagatik; izan ere, Gasteizko erdigunetik 3 kilometrora dago eta autobiarako sarreratik 150 metrora. Duen industria-jardueragatik nabarmentzen den gune bat izateaz gain Euskadin", adierazi du Jesús Lancharrok, Panattoni Europeko director of Leasing and Asset Management delakoak, Panattoni Park Vitoria proiektuari buruz.
Merkataritza elektronikoak azken urtean izan duen gorakadak mesede egin dio bidalketen sektoreari eta logistikari: "pandemia dela eta, Internet bidez egindako erosketak ugaritu egin dira, eta enpresa eta produktu-kategoria berriak sartu dira mota horretako merkataritzan. Hainbat ikerketen arabera, datozen 5 urteetan, Europan, gutxi gorabehera 27 milioi metro karratu plataforma logistiko berri behar izango dira merkatuaren eskariari erantzun ahal izateko, eta ez soilik hiri handietan"..
Zentzu horretan, Panattonik esperientzia zabala du, 2002. urteaz geroztik baitago Europan. Besteak beste, Txekiar Errepublikan, Alemanian, Herbehereetan eta Eslovakian ditu egoitzak, eta, berriki, baita Frantzian eta Italian ere. Espainian, esaterako, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian, Cadizen, Bizkaian eta Gipuzkoan ditu proiektuak. “Enpresa malgua gara, lantaldeak ia 15 urteko eskarmentua du industria-pabiloiak kudeatzen eta egokitzen, eta edozein bezero motara egokitzen gara, kokaleku txiki bat behar duen ETE batetik konpainia handi bateraino”, azaldu du Jesús Lancharrok Panattoniren abantailei buruz.
Panattoniren planetan iberiar merkatuan hedatzen jarraitzea dago, bai eta merkatuaren azken beharretara egokitzea ere, horretarako teknologia berriez eta eraikin eraginkorrago eta malguagoez baliatuz. Espainian egun duen pabiloi parkea ahaztu gabe: "kontuan izan behar dugu, halaber, nola egokitzen ditugun industria zahar horiek merkatuak behar duenera, ekimen pribatutik zein publikotik".
Panattoni Europeri buruz
Panattoni Europe Panattoni Development Companyren Europako filiala da, munduko industria-sustatzaile handienetakoa, eta 26 bulego ditu Ipar Amerikan eta Europan. Orain arte, konpainiak guztira 12 milioi metro karratu baino gehiago dituzten proiektuak egin ditu Europan. Horrez gain, neurrira egindako ‘giltza eskura’ erako eraikuntza proiektuez arduratzen den sail bat du, enpresen behar zehatzei erantzun ahal izateko.