Gaurko bisita... Pádel Júndiz

Instalaciones Pádel Júndiz

Hilabete honetan Pádel Júndizi egin diogu bisita, eta Gonzalo Medrano eta Susana Pipaón bazkide, kudeatzaile eta padel-entrenatzaileekin hitz egin dugu.

2014an ireki zituen ateak Pádel Júndizek, eta parkearen zerbitzu-eremuan dago, Paduleta 26 kalean. “Ia 7 urte daramatzagu hemen; hasieran, zoratuta geundela uste zuen jendeak hain urruti etortzeagatik, baina orain poz-pozik gaude. 7 minututara baino ez gaude Gasteiztik, doako aparkalekua dugu —abantaila handia hiriarekiko— eta, gainera, erosoa da industrialdean lan egiten duten bezeroentzat”, azaldu digu Susanak.

Padel-zentroak maila guztietarako eskolak eskaintzen dizkie kirol honen zaleei, bazkide-kuotarik gabe eta neguan zein udan padelean jokatzeaz gozatzeko instalazio osoekin. “Bost padel-pista estali ditugu, eta beste ireki bat, non jokatzen duzunaren arabera baino ez baituzu ordaindu behar; hots, ez da beharrezkoa bazkide izatea, eta hori abantaila da beste klub batzuen aldean. Halaber, denda eta terraza ditugu”, esan digu Gonzalok instalazioetan barrena ibili ahala. Jundiz enpresa-parkeko instalazioez gain, gaur egun Padel Olympic kudeatzen dute, Gasteizko Viva Gym gimnasioko indoor padel-kluba.

Espainian eta Euskadin azken urteotan gehien hazi den kiroletako bat da padela, hainbat arrazoirengatik: “erraz ikasten da, edozein adinetan egin daiteke eta talde-lana indartzen du, besteak beste”.

Alarma-egoeran, mantentze-lanak egin dituzte Susanak eta Gonzalok, baita World Padel Tour zelaia duen Euskadiko lehen pista instalatu ere. Halako lurzoruan jokatzen dute profesionalek eta, oro har, harea gutxiago du, pista motelagoa da eta bisualki ederragoa da. Pádel Júndizek, bestalde, Espainiako Padel Federazioak homologatutako hiru pista ere baditu, Josalpe enpresak eraikitakoak, aipatu federazioak homologatutako arabar eraikuntza-enpresa bakarrak.

Ezbairik gabe, urteotan erdietsitako bezeroak dira balio nagusia, eta haien alde egiten dute lan egunero bazkideok grina handiz. “Urte hauetan enpresa gisa izandako lorpenik garrantzitsuena betiko bezeroak edukitzea da, adin guztietakoak eta gure zerbitzuarekin oso pozik daudenak; 5 izarreko zerbitzua prezio merkean”, adierazi du harro bazkideetako batek.

Pandemiak zulo handia eragin du parkeko industria askotan. Hala ere, baikor egiten dio aurre Pádel Júndizek etapa berriari. “Berriz irekitzean, beldur ginen jendea ez ote zen jolastera etorriko, baina hiru aste daramatzagu instalazioak beteta. Padelean aritzeko irrikan zegoen jendea. Egunero desinfektatzen ditugu pistak, aldagelak eta gune komunak. Maskararik gabe jokatzea gomendatzen dugu, pilota berriak erabiltzea, jolasean zehar gel hidroalkoholikoa erabiltzea eta Playtomic aplikazioaren bidez ordaintzea”, amaitu du Gonzalok.

Sartu Pádel Júndizen fitxara.

Privacy Preference Center