Gaurko bisita... Mekindu

Mekindu enpresari bisita eginez hasi dugu urtea. Bada, neurrira egindako makineria bereziaren fabrikazioan eta mekanizazio orokorrean dago espezializatuta, eta 25 urteko eskarmentua dauka. Instalazioetara egin dugun bisitan, Javier Portillak egin digu harrera, enpresako kudeatzaileak.

Mekinduk bi negozio-lerrotan biltzen du bere jarduera: «Gure enpresa 1994tik aritzen da makineria berezia diseinatu eta fabrikatzen, eta prozesuen automatizazioan, tresnen, makinen eta kontrol-ekipoen fabrikazioan nahiz piezen planopeko mekanizazio-zerbitzuan zentratzen gara». Gaur egun, 26 langile dauzka plantillan, eta zortzi herrialdetan banatzen ditu lanak. «Giltza eskura» modalitatean egiten dituzte proiektu eta lan guztiak, bezeroei neurrira egindako irtenbide integral onena eskaintzeko xedez: «Proiektuetan, geure gain hartzen ditugu fase guztiak: irtenbidea diseinatzen, fabrikatzen, muntatzen eta abiarazten dugu; azken hori bezeroaren etxean bertan egiten dute gure espezialistek».

Duela urte eta erdi inguru, Mekinduk beste instalazio batzuetara eraman zituen bulegoak eta fabrika, Jundiz Enpresa Parkeko Fuentecillas kalearen 25. Zenbakira, hain zuzen ere. Toki berri horretan, are lehiakorragoak izatea bilatzen dute. «Eraikin berri honetara etortzeak aldaketa handia ekarri digu, prestazio hobeak dauzkaten instalazio modernoagoak baitira. Horrela, bada, eraginkorragoak izan gaitezke, eta kalitate handiagoko produktua eskain dezakegu», baieztatu du Javier Portillak, bulego nagusietatik gabiltzala.

Besteren artean, automobilgintzaren, linea zuriaren eta farmaziaren sektoreak dira bezero nagusiak; alabaina, sekulako eskarmentua dutenez, beste sektore batzuei ere erantzuteko prest daude. «Enpresa edo sektore batzuekin maizago egiten dugu lan, baina gure helburua beti da gure gaitasun eta eskarmentu guztia ematea, bezeroen ekoizpen-prozesuak hobetze aldera».

Enpresaren konpromisoen barruan, Mekindu lankidetza estuan aritzen da lanbide-heziketako zentroekin, prestakuntza dualari eta praktikei dagokienez, lan-mundura sartzeko ate paregabea baitira: «Guretzat, funtsezkoa da lanbide-heziketako pertsonak edukitzea; betebeharra izan beharko luke enpresentzat. Etorkizuneko profesionalen prestakuntzan alde aktiboa izan behar dugu».

Epe laburrera begirako jomuga gisa, Mekinduk lan eta proiektu handiagoak jorratzeko asmoa dauka 2020an: «Instalazio berri hauetara etorrita, gure makineria-parkea handitu eta modernizatu nahi dugu, bai eta asmo handiagoko proiektuak egin ere», adierazi du Mekinduko kudeatzaileak.

Sartu Mekinduren fitxara

Privacy Preference Center