Gaurko bisita...Kroketak.eus

Juan y Patxi de Kroketak.eus

“Tokiko, kalitatezko eta hurbileko produktu baten alde egitea”, hori da Kroketak.eus proiektuaren filosofia, kroketaren eta euskal gastronomiaren omenaldi gisa sortutako ekintzailetza.  Proiektu garrantzitsu horren atzean esperientzia handia duten Arabako bi gazte daude: Juan, Gasteizko Zabala jatetxeko sukaldeko burua, eta Patxi, Marketin eta Publizitatean aditua. “2017aren hasieran, gure bideak gurutzatu egin ziren, baina familia-egoera zela eta, bakoitzak bere norabidea hartu zuen. Ni Eivissara joan nintzen eta gero Londresera, eta Juan Gasteizen aritu zen sukaldari. 2020an elkartzen gintuzten ideiak eta proiektuak berreskuratzea erabaki genuen, eta 2021an Kroketak.eus sortu zen", azaldu du Patxik, enpresak Jundiz enpresa-parkeko Mendigorritxu kalean dituen instalazioak erakusten dizkigun bitartean.

Kroketak.eus euskal sukaldaritzaren ohituretatik jaio da, “elikagaien sektorean ekin nahi genuen, eta nire bazkide Juanek esperientzia handia du kroketaren garapen gastronomikoan. Artisau ikuspegia duen eta lurraldeari lotuta dagoen proiektu bat egin nahi genuen. Euskadik gastronomia bikaina du, beraz, gureak diren zapore horiek kroketara eramatea erabaki genuen”.

Tokiko elikagaiak eta produktuak kontsumitzea freskotasunaren, kalitatearen eta ingurumen-jasangarritasunaren sinonimo dira, lurraldea bateratzeko tresna indartsua izateaz gain. Kroketak.eus filosofia horrekin konprometituko enpresa da, eta, horregatik, Euskadiko tokiko ekoizleekin egiten du lan: Lumagorri baserriko oiloa, Maskarada enpresako Euskal Txerria, Etxarriko esnea —Jeingenekoa—, “La Leze” gaztandegiko Idiazabal jatorri-deiturako ardi gazta, Santikurutze Kanpezuko irina eta Illargui okindegiko ogi birrindua.

Kroketak.eus-ek sei zapore ditu: urdaiazpikoa, txistorra, txerri-belarria, oiloa, Idiazabal gazta ketua, eta Beasaingo odolkia. Gainera, zapore bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako arrautza-irin bereziak ditu. “Gure lurraldeko kalitate handiko produktuen alde egiten dugu kroketa zaporetsu bat eskaini ahal izateko, kurruskaria kanpotik eta krematsua barrutik. Gainera, gure errezetetan ez dugu ez kontserbagarririk ez gehigarririk erabiltzen, eta, ondorioz, ez da galtzen kroketaren esentzia”, adierazi du Patxik.

Bere produktuak ezagutarazteko, Kroketak.eus-ek kroketak probatzeko aukera eskaintzen die dagoeneko plater tradizional hori beste inguru eta modu batean dastatu nahi duten enpresa eta erabiltzaileei. Epe laburrean, besteak beste, lehen kroketeria ireki nahi dute Gasteizen urtea amaitu baino lehen.  Zalantzarik gabe, benetako kroketeroak.

Privacy Preference Center