Gaurko bisita...IPM - Internacional de Productos Metálicos
Hilabete honetan, Jundizeko Enpresarien Elkartetik, IPM - Internacional de Productos Metálicos enpresara hurbildu gara. Kudeatzaileak, Iker García Treviñok, egin digu harrera, eta harekin ibili gara instalazioetan zehar.
«Familia-enpresa bat gara eta 33 urteko esperientzia daukagu torlojugintzako artikuluak eta finkagailuak industria handientzat edo banatzaileen bidez merkaturatzeko sektorean. Ni bigarren belaunaldikoa naiz eta espero dut familiak gure aitak hain ahalegin handiz utzi zigun ondareari jarraitzea». IPMk 2000. urtetik darama Jundizeko Enpresa Parkean, eta urtez urte estatuan nabarmena den enpresa gisa finkatuz joan da.
Honako honek bereizten du IPM gainerako enpresa lehiakideetatik: bere bezeroen beharrak eta lehentasunak detektatzeko eta betetzeko prest dago beti. «Sektore honetan zaila da desberdin izatea, lantzen ditugun torloju asko normalizatuta daudelako. Beti eduki dugu argi bezeroa erdigunean jarri, eta plus bat eman behar diogula. Horretarako, berariazko kitak sortzen ditugu, modu automatikoan zein eskuz, gure bezeroen sektorearen arabera. Sorta horiek oso lagungarriak dira haien eguneroko lanerako. Gainera, arreta azkarra eta pertsonalizatua eskaintzen dugu», baieztatu du Iker Garcíak.
Arabako enpresa horrentzako mugarri inportantea izan zen Egipton berotegiak eraikitzeko proiektu bat torloju eta finkagailu guztiez hornitzea. Proiektu hori oso garrantzitsua izan zen IPMrentzat, eta haren fakturazioa gutxi gorabehera % 35 eta % 40 bitartean handitzea ekarri zuen. «Gure asmoa haztea, merkatu berrietara heltzea da beti. Hori dela eta, energia berriztagarrien merkatuan sartzeko prestatzen ari gara, goraka doan eta kalitate-estandar altuak dauzkan sektorea baita».
Pandemian ikasten
Osasun-krisiak jarduera-sektore bakoitzean izan duen eragina berdina eta intentsitate berekoa izan ez den arren, agerian jarri du tresna onenak dituztenak arinago atera daitezkeela, eta horixe egin du IPMk.
«Pandemia honetan, gure etxea berrantolatzeko aprobetxatu dugu. Aholkulari bat kontratatu genuen gure baliabideak eta barne-prozesuak optimizatu ahal izateko, eta emaitza izan zen plantillan beste pertsona bat behar genuela. Ideia beti izan zen leku lehiakorrago batean egoteko prestatzea eta IPM 2.0 sortzea», esan du bukatzeko IPMko kudeatzaileak, 2020ko hilabete zailenei buruz.