Gaurko bisita... Golf Jundiz

Hurbiltasuna eta teknologia aplikatua dira Golf Jundiz golf-zelaiaren ezaugarri nagusiak, zeina enpresa-parkeko Paduleta kalearen 30. zenbakian dagoen. Hilabete honetan, bertako instalazioetara joan gara, eta Emilio Lopez kudeatzaile eta golfeko entrenatzailearekin hitz egin dugu.
Golf Jundizek 90 eta 150 metro arteko distantziara dauden 9 zulodun zelaia jartzen du golf zaleen eskura: «Gure instalazioak oso konpletoak dira: ordu eta erdian jolasteko 9 zulodun zelaia, praktiketarako kantxa, approach gunea, gimnasioa, eremu soziala, denda eta teknologia aplikatudun eskola pertsonalizatuen gunea dauzkagu», azaldu du Emilio Lopezek ibilbidean.
Urte hau berezia da, Golf Jundizek 10 urte beteko dituelako inauguratu zenetik. Ordutik, Arabak kirol honetan duen eskaintzan nabarmendu da Golf Jundiz, golferako toki pribilegiatua daukalako: hiritik hurbil dago, guztiontzat irisgarria da, eta, bertan, teknologia aplikatudun eskolen bidez hobetu daiteke teknika. «Golf Jundiz golfa jende guztiari hurbiltzeko filosofiarekin sortu zen. Aste barruan hainbat kirol egiteko ohitura dago (adibidez, padela edo gimnasioa), eta golfari balioa eman nahi genion, lanera edo eskolara joan ondoren egin daitekeen diziplinatzat har dadin».
Teknologiadun eskola pertsonalizatuek aitortza handia ekarri diote Golf Jundizi: «Teknologia ezinbesteko tresna da kirol honetan, eta are gehiago egunero golfean aritzen direnentzat edota kirol honetan hobetu nahi dutenentzat. Eskola pribatuetan, besteak beste makilari eta bolari buruzko datuak ematen dizkigun eta gorputzaren jarrera hobetzea ahalbidetzen digun bideo-sistema bat erabiltzen dugu», baieztatu du kudeatzaileak, swing on bat egiteko nola jarri behar dugun erakutsi bitartean. Teknologia oso-oso garrantzitsua da kirol honetan hobetu nahi duten guztientzat, baina oso zentro espezializatu gutxi batzuek baino ez dute erabiltzen.
Epe labur eta ertainera begira, Golf Jundizek haurrentzako eskola sortzea pentsatu du: «Txikitatik sustatu nahi dugu golfaren kultura, zaila den arren; izan ere, egiazki, adineko asko aritzen dira golfean, fisikoki ez baitu asko eskatzen, nahiz eta asko ibiltzen den. Dena dela, kirol hau adinekoentzat delako ustea zabaldu nahi dugu, eta txikienentzat ere onura asko dituela nabarmendu. Golfak kontzentrazioa hobetzen du, kolpe bakoitzak erabaki bat hartzea eta kontzentratuta egotea eskatzen baitu. Bestalde, aire zabalean egiten da, eta hori oso ona da, naturarekin harremanetan egotea ekartzen duelako. Gainera, golfaren ikaskuntza-kurba askoz ere handiagoa da txikitatik ikasten denean».
Gaur egun, Golf Jundizek prestakuntza-eskaintza zabala dauka: taldeko hastapen-ikastaroak, haurrentzako eta helduentzako ikastaroak, erdi-mailako ikastaroak, ikastaro aurreratuak eta eskola pribatuak, bi inskripzio-modalitaterekin: erabiltzailea eta harpideduna.