Gaurko bisita... Go gym

Egungo egoera dela eta, ezin izan dugu apirileko enpresa nabarmenaren egoitza fisikoki bisitatu. Hala ere, teknologia berriei esker Vanessa Rinorekin hitz egin ahal izan dugu, Go gym gimnasioaren kudeatzailea. Gimnasioa Jundiz enpresa parkeko Paduleta kaleko 26. zenbakian dago.

Go gym bi gasteiztarrek duela 11 urte abian jarri zuten abentura baten emaitza da. Gasteiztar hauek amets bat zuten: kirola eta bizimodu osasuntsua Jundizera eramatea. Gaur egun, Go gymeko lantaldea 14 pertsonek osatzen dute fitness irakasleen, harrera eta garbiketako langileen eta kudeatzaileen artean. Kirol gune honi buruz azpimarratzekoa den gauzetako bat bere kokapen bikaina da: “enpresa gune batean gaude Gasteiztik 5 minutura. Beraz, zerbitzua parkeko langileei, Gasteizen bizi diren pertsonei zein inguruko herrietako biztanleei eskain diezaiekegu”.

Go gymek kardiorako, tonifikaziorako, pisu askerako eta luzaketetarako makina-gela zabal eta argitsu bat du, 3 gela talde-eskolak egiteko eta doako aparkalekua. Azken hau asko estimatzen dute bazkideek. “Kotxea uzteko lekua izatea luxu bat da. Bazkide askok diote denbora gutxiago ematen dutela hona etortzen, hiriko beste gimnasio batzuetara joaten baino”, azpimarratzen du kudeatzaileak.

Kirol zentro honetan kirol modalitate sorta zabala aurki daiteke. Gorputz osoa lantzen da eta jarduerak pertsona bakoitzaren beharrei eta mailari egokitu daitezke: “Kardioko eskolak ditugu, hala nola spinning, zumba eta strong. Beren gorputza tonifikatu nahi duten pertsonek body pump, entrenamendu funtzionala, HIT edo TRX aukeratu dezakete, eta ariketa lasaiagoa nahi izanez gero, Body Balance daukagu. Gainera, bazkideak kontaktuzko kirolak gustuko baditu, boxeo eta kickboxing eskoletara etor daiteke, maila guztietara egokituta baitaude”.

Bere helburu nagusia bazkide bakoitzari kirol esperientzia onena, bizimodu aktiboa eta giro atsegina eskaintzea da: “gainontzeko gimnasioetatik desberdintzen gaituena da atetik sartzen den bazkide bakoitzari tratu pertsonalizatu eta hurbila ematen diogula. Gimnasio guztiek gauza bera diogula dirudi, baina gu bazkidez gainezka ez gaudenez denbora eskain diezaiokegu pertsona bakoitzari, entrenamendu taulak neurrira sortuz eta azalduz, eta bere helburua lortzeko talde-eskola egokienei buruz aholkatuz”.

Vanessa Rinoren aburuz, spinninga da gasteiztarren jarduera gogokoena, agian gure probintzian eta hirian mendiko eta errepideko bizikletaren zale asko dagoelako: “jarraitzaile asko dituen jarduera da eta, batez ere eguraldi txarrarekin, txirrindulariak gimnasioetara doaz barruan egin daitekeen aukera baten bila. Gainera, edozeinek egin dezake, bakoitzak bere mailara egokitu dezakeelako. Azken urte honetan, boxeo eta kickboxing eskoletara jende gehiago etorri dela nabaritu dugu”.

Gimnasioak eta pandemia

Alarma-egoera dela eta ezarritako neurrien ondorioz, fitnessaren sektorea kaltetu handienetakoa da, beste hainbat sektorerekin batera. Dekretuak aisialdiko jarduerak bertan behera utzi zituen, horien artean kirola, eta kirol zentroak ixtera behartu zuen. “Gimnasioa itxita dagoenez, bazkideen kuota gelditzea erabaki genuen berriro irekitzen dugunera arte. Bazkideei eskola birtualak eskaintzen ari gatzaizkie, urte batzuetatik hona erabiltzen ari garen aplikazio baten bitartez”.

Inguruabar honetan, sektorearen etorkizuna ez dago argi: “jakitun gara jarduerari berriro ekiten azkenak izango garela. Badakigu hartu beharreko neurriak zorrotzak izango direla eta, beraz, denbora nahiko igaroko da jarduera-maila berreskuratu arte. Zorionez gure gimnasioa ez dago bazkidez josita, instalazioak zabalak dira eta eskola aukera handia dago; honi esker guneak ondo banatu ahalko ditugu segurtasun neurriak errespetatzeko”.

Sartu Go gymen fitxara

Privacy Preference Center