Gaurko bisita... Deusto Sistemas
"Aliantza honi esker, Seidor enpresaren baliabideez eta handitasunaz berrelika gaitezke, bai sektore pribatuan hazten jarraitzeko eta, era berean, baita euskal eremu publikoan erreferentziazkoak izaten jarraitzeko ere"
Hilabete honetan, Deusto Sistemas enpresara hurbildu gara: IKT zerbitzuen aholkularitza-, garapen- eta ezarpen-industrian aritzen da, eta 20 urteko ibilbidea dauka eginda. Duela gutxi, gainera, Seidor aholkulari teknologikoan integratu da. Enrike Rico zuzendari nagusiak hartu gaitu.>
Nola sortu da aliantza hori?
Enpresa gisa, munta handikoak gara dagoeneko. Lehenengo mailako Alaves bezalakoak gara; hots, multinazional handiekin lehiatzen gara. Eta hazteko ordua zen jada. Seidorren sartuta, Euskadiko informazioaren teknologiaren arloan erreferentziazko proiektuetako bat izaten jarraituko dugu, eta gure tokia finkatuko. Halaber, zerbitzu-sorta zabalduko dugu.
Bi konpainien artean egindako akordioarekin, Seidor euskal enpresako akzio-gehiengoduna bihurtu da. Deusto Sistemasek talde osoarekin jarraitzen du, egoitza Euskadin dauka, eta Deusto Seidor izenarekin jardungo du.
Nola sortu zen Deusto Sistemas?
Deusto Sistemas proiektu pertsonala da, baina Deustuko Unibertsitateko masterretan nirekin batera eskolak ematen zituzten profesional batzuekin sortu nuen; hortik datorkio izena. Gure xede nagusia talentuak beste erkidego batzuetara (adibidez, Madrilera) alde egitea saihestea zen. Orain, 160 lagunek osatzen dugu Deusto Sistemas, eta Euskadin erreferenteak gara.Zein da DSren balio bereizgarria?
Hiru premisa hauetan oinarritzen gara: zintzotasuna, hurbiltasuna eta kalitate handia. Esku artean izan ditugun proiektuekin, beti konplitu izan dugu. Zentzu horretan, gardentasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak dira enpresa batek izen ona izan dezan. Gure bezeroengandik eta haien premietatik hurbil gaude; egoitzak dauzkagu Madrilen, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gainera, oso enpresa prestua gara, eta ISO arau asko betetzen ditugu: ISO 20000 araua, erabiltzaileen arretarekiko konpromisoari buruzkoa, edo CMMI eredua, software-proiektuen kalitatearen ingurukoa.Urte hauetako une gogoangarriren bat?
Zalantzarik gabe, 2013an DS Labs proiektua sortu izana: enpresako I+G+b arloko unitatea da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile izendatu zuten. Laborategi horretan, 4.0 Industriarekin zerikusia daukaten soluzio teknologikoak sortzen ditu; besteak beste, Mercedes-Benz eta Viralgen (Donostia) enpresentzat.Zer-nolako garrantzia dauka I+G+b arloak Euskadin?
Nire ustez, administrazioak gehiago babestu eta sustatu beharko gintuzke, gurea bezalako enpresa txiki eta ertain batentzat sekulako ahalegina delako teknologia-mailan egunean egotea. Bultzada hori beharrezkoa da, lehiakorrak izan eta ikusgaitasun handiagoa izan dezagun.Covid-19aren krisiak nola eragin dizue?
Guk lan gehiago eduki dugu. Aurten, enpresen eraldaketa digitala bizkortu egin da; bereziki, telelanarekin loturiko gaietan. Enpresek jo eta ke egokitu behar izan dute sei hilabetetan. ETE-ek ahalegin handia egin behar izan dute trantsizio horretan. Orain edo inoiz ez, horixe da kontua.