Gaurko bisita... BET Energía y Sistemas

Hilero Jundizeko Enpresa Parkeko industria bati egiten diogu bisita, eta hilabete honetan BET Energía y Sistemas enpresaren txanda izan da. José Andrés Goiri Moja enpresako kudeatzailearekin hitz egin dugu.

Lankidetza estrategiko bat diseinatzea eta elkarri onura bilatzea gero eta aukera erakargarriagoa da industrientzat, gero eta lehiakorragoa eta dibertsifikatuagoa den merkatuan. Elecsi S.L. eta Telbask Comunicaciones Euskadiko bi enpresa garrantzitsuak bat-egitean sortutako proiektua da BET Energía y Sistemas. “Aliantza honekin sinergiak sortu nahi ditugu zerbitzu osoago eta lehiakorrago bat eskaintzeko eta merkatuan dugun posizioa hobetzeko, integrazio komertzialari eta produktiboari esker”.

 

Telbask S.L.k ibilbide luzea egin du azken belaunaldiko telekomunikazio sistemen garapenean, VoIPn, konektagarritasunean, IT irtenbideetan eta informatika-aholkularitzan, besteak beste. Elecsi S.L.k, berriz, bat-egite honi ezagutza zabala eransten dio goi- eta behe-tentsioko instalazioen arloan, baita sistema eta prozesuen arloetan ere. “Aliantza hau bi erakundeen batura soila baino askoz gehiago da. Elecsik hurbiltasuna eta azkartasuna transmititu ditu beti esku hartzeko orduan eta Telbask sektorean oso sendotuta dagoen marka da. Esperientzia zabal hau batu eta helburu komun batekin lan egin nahi izan dugu", dio José Andrések egoitza nagusian, industrialdeko Paduleta kaleko 55. zenbakian.

 

BET Energía y Sistemasek, gaur egun, hiru negozio-linea ditu: Elektrizitatea, mantentze-zerbitzuekin eta goi- eta behe-tentsioko instalazio elektrikoekin, kableatu egituratuarekin eta ingeniaritza-proiektuekin, besteak beste. Komunikazioak, sistema informatikoak, IP telefonoguneak, zibersegurtasuna eta wifi sistemen instalazioa kudeatzeko zerbitzuak emanez. Berriki egindako bat-egiteari esker dibertsifikatu egin dira eta merkatuko beste segmentu batzuetara jo dute, hala nola Energiarenera: “Teknologiaren aitzinamendu geldiezinak eta bezeroen beharrizan berriek alor honetan produktu berriak garatzera eraman gaituzte, hala nola ibilgailu elektrikoak eta instalazio fotovoltaikoak birkargatzeko sistemak”.

   

Hurbiltasuna eta berehalakotasuna dira bere balio nagusiak eta sektorean jarraitzeko funtsezko ardatza osatu dute: “Gure bezeroak industria-sektorekoak dira nagusiki, eta Euskadin daude. Telefonoa altxatzen dutenean, konfiantzazko norbaitek erantzutea nahi dute, eta azkar lan egin dadila. Alderdi ekonomikoa, beraz, bigarren maila batera pasatzen da; garrantzitsuena irtenbide onena ahalik eta denbora laburrenean ematea da”.

   

Proiektu nabarmengarri batzuk

  • Bretxa Merkatua, Donostia: Komunikazio-, elektrizitate- eta soinu-sistema osoa jartzea 1870eko Donostiako merkatu neoklasikoan.

  • Benjamín de Rothschild & Vega Sicilia Upategiak: Telekomunikazio- eta informatika-sistema instalatzea Samaniegoko upategi honetan, Arabako Errioxan.

  • Lointek S.L.: 30 kV-ko banaketa-zentroa, goi-tentsioko lurpeko linea, 630 kVA-ko transformazio-zentroa, eta instalazio elektrikoa egokitzea (argi-sistema, indarra, harguneak...)..

  • Mecet S.L., Laudio: 630 kVA-ko transformazio-zentroa egokitzea eta Laudioko bi pabiloietan eta bulegoetan instalazio elektrikoa egitea eta garabiak instalatzea.

  • Baika STS, Dulantzi: Telebista-zirkuitu itxia instalatzea Eulenekin lankidetzan, eta sarbideak kontrolatzeko sistema.

  • Goi- eta behe-tentsioen mantentze-lanak Euskadiko eta probintzia mugakideetako industria-sektoreko 200 bezero ingururentzat (berrikusketak, 24 orduko zerbitzua, matxurak eta konponketak).

  • Sistema informatikoa mantentzeko zerbitzu osoa: Gorabeheren arreta lekuan eta urrunetik, erabiltzailea artatzeko gunea eta hardware eta software salmenta.

  • Autokontsumo fotovoltaikoko instalazioen proiektuak enpresa hauetan: Cos Mantenimiento (Madril), Cie Orbelan (Andoain), Rob-Job (Oion).

BET Energía y Sistemas enpresaren fitxa kontsultatu

Privacy Preference Center