Gaurko bisita... Arabako Elikagaien Bankua

banco de alimentos araba

“Elikagaiak xahutzea eta hondatzea saihestea” da egun Arabako Elikagaien Bankua osatzen duten 65 boluntarioen helburu nagusia. Elkarte hau 1998. urtetik probintziako pertsona eta familia behartsuenei laguntzen die. Bere instalazioetan, Jundiz enpresa-parkean, Daniel Fernández presidenteak eta Jaime Bobadilla baliabide-saileko arduradunak artatu gaituzte.

Arabako Elikagaien Bankua hirugarrena izan zen estatu mailan Bartzelonako eta Bilboko Elikagaien Bankuen atzetik eta Gasteizko bi familia altruisten ekimenari esker jaio zen. “Hastapenak ez ziren errazak izan baina pixkana-pixkanaka hazten joan gara. Lehen 11 boluntario ginen eta ahal genuena egiten genuen. Orain antolatuta gaude, hainbat sail eta profil zehatz dituen egitura dugu eta honek kontrol handiagoa izateko eta pertsona gehiagori arreta emateko aukera ematen digu” , dio Daniel Fernándezek, Arabako Elikagaien Bankuko eta Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioko egungo presidenteak.

Gaur egun, Arabako Elikagaien Bankuak 5.000 onuradun artatzen ditu erregularki baina pandemiako hilabete hauetan beharrean dauden pertsonen kopuruak gora egin du: “Covid-19aren pandemiak gehiago eragin die kolektibo zaurgarrienei. Martxotik larrialdi gehiago izan ditugu eta urte amaieran elikagaiak behar dituzten 10.000 pertsona gehiago egongo direla kalkulatzen dugu”, esan du Jaime Bobadillak egungo egoerari buruz.

Zorionez, herritarren eta enpresen elkartasunak ere gora egin du: Arabako gizartea oso solidarioa eta konprometitua da. Ia deirik egin gabe 135.000 euro jaso ditugu partikular eta enpresen artean. Gainera, konfinamenduak iraun zuen bitartean itxarote-zerrendan boluntario gazte asko izan genituen, gehienek ezin genuelako lanera etorri arrisku handiko populazioa garelako”.

Dena den, eskaera handia da eta baliabideak azkar agortzen dira: “nabaritzen ari garen hazkundeaz gain, lotsa dutelako laguntza eskatzen ez duten pertsona behartsu gehiago daudela sumatzen dugu. Garrantzitsua da jendeari helaraztea edonork ikus dezakeela bere burua premia-egoeran”, azaldu digu presidenteak kezkatuta, elikagaiak jaso eta hautatzen diren biltegia erakusten digun bitartean.

 

Pandemiaren ondorioz eta segurtasun kontuak direla eta, aurten ez dira aurreko urteetan bezala elikagaiak fisikokiko jasoko eta elikagai-eskasia handia egongo dela aurreikusten dute. “200.000 kilo jaso ohi ditugu eta aurten erdia baino gutxiago izango dira. Horregatik, formula berriak lantzen ari gara, adibidez zentro eta saltokietan elikagai-bonuak saltzea”. Elikagaien Bankutik dei egiten dute egoera kritiko hau ikusita: “pertsona batzuek badakite langabezian geratuko direla, inolako baliabiderik gabe. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da denon elkartasuna”.

banco alimentos  

Nola lagundu dakioke Elikagaien Bankuari?

Arabako Elikagaien Bankuak laguntzeko bide asko ematen dizkie bai partikularrei bai enpresei: boluntario gisa parte hartuz, elikagaiak emanez, enpresa pribatu moduan (fabrikatzaileak, ekoizleak, banatzaileak, etab.) edo elkartasun-kanpaina baten bidez.

Dohaintzak elikagaiekin egin daitezke, elkarteari zerbitzu bat emanez edo ekarpen ekonomiko bat eginez. Dohaintza bere web orriaren bidez egin daiteke (https://bancoalimentosaraba.org/) kreditu-txartela edo Bizum erabilita.

Zein da Elikagaien Bankuaren laguntza jasotzeko jarraitu beharreko prozesua?

Elikagaiak behar dituzten pertsonek beren hiriko udaleko gizarte-zerbitzuez edo ongintzako elkarteez galde dezakete. Hasiera batean, larrialdiko laguntza ematen zaie pertsona guztiei, baina erregularki onuraduna izateko, gizarte-langileek balorazio bat egin behar dute.

Arabako Elikagaien Bankuak, egun, areto finko bat du Brasil kaleko 5. zenbakian.

Privacy Preference Center