Gaurko bisita... Aida

Hilabete honetan, Jundizko Enpresaburuen Elkartean, Aidara hurbildu gara, 30 urteko ibilbidea egina duen eta softwareko, hardwareko, sareetako, zibersegurtasuneko eta cloud-zerbitzuetako soluzioetan sekulako eskarmentua duen enpresara, hain zuzen ere.
Berta Martín negozio-sustatzaileak eta Fran Manzano Aramendi Igarle Taldeko kudeatzaile nagusiak egin digute harrera. Duela gutxi, Aidak bat egin du enpresa-talde gipuzkoarrarekin: “Duela urte batzuk, hazkunde inorganikoko prozesu bati ekin genion talde gisa, sektoreko hainbat enpresa biltzeko asmoz, bezeroei 360º-ko soluzioak eskaintze aldera. Aidarekin, aspalditik genuen lotura bikaina; elkar ezagutzen genuen, eta negozio-ikuspegi bera geneukan”, esan du Igarle Taldeko kudeatzaile nagusiak.
Igarle Taldera sartzearekin, bi erakundeek elkar osatzea eta bien talentua fusionatzea da asmoa, bai eta erabakigunea Euskadin edukitzeko konpromisoari eustea ere. “Euskadin ditugun sustraiak, gauzak ondo egiteko tradizioa eta berrikuntza funtsezkoak dira. Igarle Taldeko kide diren erakunde guztiek elkar osatzen dute talentuari, soluzioei eta bezeroei dagokienez”. Bada, Aida, It_aktion, Data Juice, SofyHard eta Igarle enpresek eratzen dute Igarle Taldea.
“Batasun honetan, hardwarearen, sareen eta kudeaketa-sistemen arloan edo ERPetan dugun eskarmentua da Aidaren ekarpen nagusia. Gure nortasunari leialak izaten jarraitzen dugu, baina zerbitzu osoagoa, arinagoa eta premiei egokituagoa eskain diezaiekegu bezeroei. Zorroan, produktu berriak dauzkagu (hala nola, askotariko ERP sistemak, Business Intelligence, logistika- eta banaketa-soluzioak, dokumentu digitala eta abar)”, baieztatu du Aidako Berta Martínek, enpresaren historia berrieneko jomuga garrantzitsu horri buruz.
TicketBAIrako prest
Foru-ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin bultzatu duten proiektua da TicketBAI, eta zergapeko guztiok geure betebeharrak betetzea nahiz zerga-iruzurra saihestea du helburu.Igarle Taldea lehenengotariko enpresa izan da Ogasunari fakturak TicketBAIren betekizunak betez bidaltzen, eta arrakasta handiz egin du, egin ere. “TicketBAI paradigma-aldaketa bat da, tiket edo faktura guztiak Ogasunera denbora errealean igotzea baitakar. Igarle Taldean, ERP guztiak egokitu eta ziurtatu ditugu dagoeneko, enpresek azkar eta erraz jardun ahal izan dezaten araudi berri horrekin. Halaber, API bat sortu dugu, softwarea prestatuta ez dutenek betebeharrak bete ahal izan ditzaten, nahiz eta softwarea gurea izan ez”, adierazi du Fran Manzano Aramendik.
TicketBAI Gipuzkoan hasi zen 2021eko urtarrilaren 1ean, eta Bizkaian 2020ko urriaren 1ean, borondatezko aldi baterako. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskadi osoan ezartzen hasiko dira, sektore ekonomikoen arabera, eta nahitaezkoa izango da; hala, datorren urtean, Gipuzkoan eta Araban ezarriko dute.“Betebehartzat jo ordez, lehiakortasunean hobetzeko aukeratzat hartu behar dugu TicketBAI; izan ere, enpresek dokumentuak denbora errealean trukatzea lortuko duenez, kostuak eta administrazio-prozesuak murriztuko dira”.
Bi enpresek filosofia, enpresa-kultura eta balioak partekatzen dituzte: “Koopetentzian sinesten dugu; hau da, sektore bereko enpresen arteko lankidetza interesatuan. Bat egin eta lankidetzan aritzeko espiritua sustatzen da Aidan eta taldeko erakunde guztietan, muskulu gehiago irabazteko”, amaitu du Igarle Taldeko kudeatzaile nagusiak.