Gaur, Izotz Criolimpieza bisitatu dugu
Hilabete honetan, Jundiz industrialdeko industria eta zerbitzuetan barrena egiten ari garen ibilbidean, CO2 izotz lehorreko garbiketa kriogenikoan espezializatutako enpresa berria ezagutu dugu: Izotz Criolimpieza. Stéphane Michel Dupré ekintzaile eta enpresa-gerentearekin bildu gara. 2019an sortu zen Izotz enpresa, Stéphanek egindako ikerketaren emaitza. Hain zuzen, Europako hainbat herrialdetan egiten duten garbiketa industrialaren metodo desberdinak aztertu zituen. "Espiritu berritzailea daukat, eta banekien garbiketa industrialaren sektorean gabeziak zeudela. Beste herrialde batzuetan jada egiten dute garbiketa kriogenikoa eta emaitza bikainak eman ditu. Pandemiaren eraginez esku artean geneukan proiektua gelditu egin behar izan genuen, baina aurrera jarraitu dugu".
Beste industria batzuetatik berrerabilitako izotz lehor edo egoera solidoan dagoen karbono dioxidoarekin egiten den garbiketa ekologikoari garbiketa kriogeniko deritzo. "Enpresek hondakin modura ekoiztutako CO2 metatu eta behe-tenperaturan konprimatuta pellet moduko izotz lehorra edo elur karbonikoa sortzen da" komentatu digu industrialdeko Mendigorritxu kaleko 138. zenbakiko instalazioetara egindako bisitaldian.
Izotz lehorra hozgarri bikaina izateaz gainera ez da urratzailea, ezta sukoia ere; beraz, garbiketa eraginkorragoa eta seguruagoa ahalbidetzen du. "Abantaila asko ditu: ez ditu gainazalak kaltetzen; ez da beharrezkoa argindarra kentzea, ez delako likidorik erabiltzen; ez dira piezak eta moldeak desmuntatu behar; ez du bigarren mailako hondakinik sortzen... azken finean, garbiketa azkarragoa eta seguruago da, luzaroan mantentzen da eta baliabideak optimizatzen dira", azaldu du Stéphanek, izotz lehorraren abantailei buruz.
Garbiketa tradizionalaren antzeko prozesua da, baina efektu bisuala "ikusgarriagoa" da. Konpresore baten bitartez, izotz lehorra abiadura handian proiektatzen da garbitu beharreko gainazalean, zikinkeriaren zirrikituetatik sartzen da, sublimatu egiten da eta solido-egoeratik gas-egoerara pasatzen da zuzenean. "Prozesu erraza da, baina atentzioa ematen du: zikinkeria desagertzen bada ere, ez da prozesua ikusten". Izotz lehorreko garbiketa kriogenikoak era guztietako gainazalak garbitzen ditu: ordenagailuen plakak, grafitiak, oihalak, etab. "Noski, indarra eta distantzia gainazalari egokitu behar zaizkio. Doitasun eta espezializazio handiko lana da, ez da karcher bat", gehitu du Stéphanek.
Izotz lehorreko garbiketa kriogenikoan espezializatutako enpresa bakarra da Euskadin. "Izotza apurtu behar dugu Euskadin. Bezeroak oso pozik geratzen dira garbiketa honen emaitzak eta onurak ikustean. Ezinbestekoa da eredu jasangarri baten aldeko apustua egitea, baita garbiketan ere. Hondakinak aprobetxatzea eta bigarren erabilera bat ematea". Izotz enpresaren helburua, epe motzera zein luzera, Araban ezagutzera ematea eta amets bat betetzea da: Ama Birjina Zuriaren Plazako ‘Gasteizko gudua’ garbitzea.