NEIKERek Udapari transferitu dizkio patatak

07-12-2022
NEIKER zentro teknologikoak eta Udapak transferentzia-akordio bat sinatu dute 2032ra bitartean. Akordio horren bidez, kooperatibak Edurne eta Beltza patatak landatu, ekoiztu eta merkaturatu ahalko ditu. 2018. urtean hasi zen bi enpresen arteko lankidetza, kontsumitzaileen eskaerari erantzuteko moduko patata bat garatzeko, ikerketaren, garapenaren eta I+G-ren bidez.
Purpura kolore bizia eta antioxidatzaile kopuru handia dira Beltza patataren ezaugarri esanguratsuenetako batzuk. Antioxidatzaile kopuru hori, hain zuzen ere, ona da osasunerako. Gainera, Beltza patata ezin hobeto egokitzen da Arabako klima-baldintzetara eta beraz, bertako ekoizpena egonkorra eta altua da. Edurne patataren kasuan, kolore hori argia eta azal fina ditu, erraz garbitzeko eta zuritzeko modukoa. Horrez gain, oso kalifikazio altuak lortu ditu dastaketetan. Gabonetako kanpainan, Udapak “jatorridun patatak” (“patatas con origen”, gaztelaniaz) leloarekin merkaturatu nahi ditu patata horiek. Plastikorik gabeko ontzietan merkaturatuko ditu, enpresak jasangarritasunaren alde egindako hautua ikusarazteko.
Zentro teknologikoaren eta nekazaritzako elikagaiak ekoizten dituzten enpresen arteko aliantza hauei esker, sektorearen erronkei aurre egiteko aukera berritzaileak gara daitezke.