Ertzaintza Jundizko Enpresen Elkartearekin bildu da
09-05-2022
Maiatzaren 5ean, elkarteko ordezkariek bilera egin zuten Ertzaintzako inteligentzia-agenteekin, Gasteizen. Pandemiaren aurretik aldizka egiten zituzten bilerak berrartzea izan zen bileraren helburua.
Bileran, batez ere, parkeko edozein instalaziotan gertakari edo ibilgailu susmagarriren bat hautemanez gero edo lapurreta nahiz lapurreta-saiakera bat jasanez gero jarraitu behar den prozedura jorratu zuten. Edozein gertakariren aurrean, 112ra deitzea da lehenengo gomendioa. Telefono-zenbaki horren bidez, kudeaketa berehalakoa eta automatikoa da, poligonotik hurbilen dagoen patruilari abisu ematen diotelako.
Lapurreta egin badizute edo horretan saiatu badira, garrantzitsua da Ertzaintzan edo Udaltzaingoan salaketa jartzea. Salaketarik jarri ezean, ez dute gertakariaren berri izango, eta, hortaz, ez dute zaintza handituko.
Jundizko Enpresen Elkarteak enpresa-parkeko enpresa guztiak animatu nahi ditu aholku horiek jarraitzera, Jundiz poligono seguruagoa izan dadin.