Bizikleta elektrikoak maileguan emateko doako zerbitzu berria Jundizen
27-09-2019
Jundizko Enpresaburuen Elkarteak bizikleta elektrikoak maileguan emateko doako zerbitzua abiatu du. Bada, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta gure langileak Jundizera bizikletaz azkar eta erraz joatea bultzatzeko xedea dauka zerbitzu berri honek.
Langileek 15 egunez erabil dezakete bizikleta elektrikoa. Bizikletarekin batera, sorta bat ematen zaie, eroso eta seguru ibili ahal izan daitezen. Sorta horretan, kaskoa, giltzarrapoa, txaleko islatzailea eta motxila datoz. E-bike horiekin ibiltzeko ezinbesteko elementu horiez gain, erabiltzaile guztiei egiten zaie asegurua. Bizikleta jasotzen dutenean, bizikleten funtzionamendua azaltzen die langile kualifikatu batek, behar bezala erabil ditzaten.
Zerbitzua abian jarri den lehen egunetan, enpresek eta langileek oso ondo hartu dute ekimena. Jundizera, bizikletaz!