BH, lehenengo Cycle Friendly Employer enpresa Espainian

22-01-2020
BH konpainia lehenengo Cycle Friendly Employer enpresa bihurtu da estatu-mailan. Europako Txirrindularien Federazioak (ECF) aitortza eman die konpainiak langileen eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea sustatzeko egin dituen ahaleginei.
Urtarrilaren 20an, astelehena, Jundiz Enpresa Parkean dagoen enpresa honek bizikletekin adiskidetsua dela ziurtatzen duen egiaztagiria jaso du Europako Txirrindularien Federazioarengandik (ECF). Ekitaldira, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Josean Galera Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintzako diputatua bertaratu ziren. Izan ere, mugikortasun jasangarria eta, horrekin, eguneroko isurketa kutsagarriak murriztea bilatzeko orduan arduratsu jokatzen duten erakunde eta enpresen lana nabarmentzeko sortu zen Cycle Friendly Employer proiektua.