Ba al zenekien A&B Laboratorios dela Ecolabel etiketa lortu zuen lehen euskal enpresa?

15-12-2021
14 urte igaro dira A&B Laboratorios enpresako kideek Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoa lortu zutenetik, DD 456 erabilera anitzeko garbitzaile entzimatikoarekin. Harrezkeroztik, Ecolabel etiketa gehiago lortu dituzte beste produktu batzuekin.
Ihoberekin eta Alclimarekin partekatu zuten esperientzia, azaroaren 18ko jardunaldian. “Ekoetiketa” lortzeko baldintzak aipatu zituzten, lehengaien erauzketatik hasita erabili osteko birziklapeneraino. Europako Etiketa Ekologikoa derrigorrezkoa ez bada ere, ziurtagiri horren bidez kontsumitzaileek ekologikoak eta ingurumenarekin errespetutsuak diren produktuak erraz identifika ditzakete. Ecolabel produktuek CO2 gutxiago igortzen dute, baliabideak eraginkortasunez erabiltzen dituzte eta berrikuntza ekologikoa eta enpresa jasangarriak sustatzen dituzte.