Gaurko bisita... Automach Ingeniería

Jundiz enpresa-parkeko industrien ibilbidean, Automach Ingeniería bisitatu dugu hilabete honetan, eta Oscar Gordo Merkataritza Saileko arduradun eta enpresaren sortzaileetako batekin hitz egin dugu (Martin Ferreyra eta Jon Fernandez de Retanarekin sortu zuen enpresa). Bada, enpresa hau makineria berezia diseinatu eta fabrikatzen, industria-prozesuak automatizatzen eta zelula robotizatuak egiten espezializatuta dago.

Automach Ingeniería enpresaren historiak 2007an dauka abiapuntua, eta honako hau komentatu digu Oscar Gordok, industrialdeko Uzbina kalearen 4. zenbakiko instalazioak erakutsi bitartean: "Hiru lagun eta lankide ginen, bi ingeniari mekaniko eta ingeniari elektriko bat, eta urratsa ematea eta adituak ginen horretan ekitea erabaki genuen; hau da, industria-arloko makineriaren sektorean geure bideari ekitea erabaki genuen, eskarmentua baikenuen hor. Orain, 30 pertsona gaude plantillan".

Haien filosofia oinarrizko bi zutabetan bermatzen da; hain zuzen ere, ekoizpen-malgutasunean eta bezeroen arretan: "Ekoizpen-prozesuetan malguak izateak, beharbada enpresa txikia ginelako, merkatuak finkatu dizkigun aldaketetara hobeto eta azkarrago egokitzea ahalbidetu digu, eta krisi-garaiak hobeto saihestea". "Giltza eskura" ematen dugu; halakoxeak dira Automach Ingeniería enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak. "Gure proiektuak ingeniaritza kontzeptual eta diseinukotik abiatzen dira; hau da, makina nolakoa izatea eta nola funtzionatzea nahi dugun zehazten dugu, azken pausoraino; hots, proiektua bezeroaren etxean instalatzeraino. Ezinbestekoa da bezeroei produktua amaituta, kalitaterik onenarekin eta erabateko errendimenduan funtzionatzen entregatzea".

Arrain handien artean mugitzea ez da batere erraza, eta, hain juxtu ere, enpresa arabarrak horrexegatik lortu du tokitxo bat euskal panorama industrialean; hau da, kalitateko produktu segurua edukitzeagatik. "Gure eskaintzetan, ez ditugu zenbakiak bost minututan egiten. Prozesua aztertzen dugu, pare bat buelta ematen dizkiogu, eta eskatzen digutenetik harago joaten gara. Batzuetan, 40 ordu ematen ditugu eskaintza prestatzen. Langileen laneko bizitza hobetzen saiatzen gara, makina edo irtenbide ergonomikoagoak emanez, baina, batez ere, segurtasun-araudiak bete ditzaten tematzen gara", baieztatu du Oscar Gordok.

Gaur egun, automobilgintzaren sektorea eta sektore elektrikoa dira haien bezero nagusiak, baina bezero-kopurua areagotu eta sektore-sorta zabaltzeko asmoa daukate, epe labur edo ertainera begira. "Autoaren sektoreak mundua mugitu du, eta hala egiten jarraituko du. Orain, ordea, indarra hartzen ari diren joera berriak daude; hala nola, autoa partekatzeko elkarlaneko plataformak edo garraio publikoaren erabilera sustatzen duten jasangarritasun-politikak. Gizartea aldatzen ari da, eta guk aldaketa horietara egokitu behar dugu. Horregatik da ona beste sektore batzuei ere arreta ematea; adibidez, elikagaien sektoreari eta trenbideen sektoreari".

Familia-enpresa izatetik enpresa egituratua izatera

2019a inflexio-puntua izan da Automach Ingeniería enpresarentzat, bai kudeaketa-moduetan, bai ikuspegi estrategikoan, enpresa-kudeaketa aurreratuko programa espezializatu bati esker. "Duela gutxi arte, familia-enpresa ginen, non erabaki guztiak gu hiruron mende zeuden; orain, berriz, enpresa egituratua gara, antolakundeen kudeaketa aurreratuko sisteman espezializatuta dagoen aholkularitza-enpresa batekin egiten ari garen lanari esker. Azken urteotan, hazkunde handia izan dugu, eta, beraz, geure burua antolatu behar izan dugu, eta pentsaera aldatu, lehiakorragoak izan nahi bagenuen".

Izan ere, sektorea, neurria eta aurrerapen-maila edozein izanda ere, antolakundeen kudeaketa hobetzeko orduan orientatzea da eredu horren xedea. Antolakundeen lehiakortasunean eta iraunkortasunean eragiten duten indarguneak eta hobetzeko arloak identifikatzea ahalbidetzen du.

Privacy Preference Center