Hilabete honetan Aiurri Montessori heziketa zentroa bisitatuko dugu. Ikastetxe pribatu honek 2016. urtean ireki zituen ateak Jundizeko Enpresa Parkearen zerbitzu-gunean eta urte eta erdi eta 6 urtera bitarteko haurrak jasotzen ditu. Ikasleak zentroak dituen bi giro edo ikasketa gelatan banatzen dira, “Haur Komunitatea” gela eta “Haurren Etxea” deiturikoak.

“Gutariko bakoitzak bere esperientzia propioak zekartzan. Hala ere, bazegoen denak elkartzen gintuen zerbait: haurrekiko eta Montessori heziketa-sistemarekiko maitasuna”.

Ibone del Pozo, Nerea Perales, Malen Olalde eta Nagore Pitillas ekimen honen 4 sustatzaileak dira. “Orain dela urte batzuk elkar ezagutu genuen, gutariko bakoitzak bere esperientzia propioak zekartzan eta bakoitza leku desberdin batetik zetorren. Hala ere, bazegoen denak elkartzen gintuen zerbait: haurrekiko eta Montessori heziketa-sistemarekiko maitasuna, dio Nagorek, zeinak Indiako Chennai hirian Montessori andereño eta gida izateko titulua eskuratu zuen.

“Haurrak libreki mugitzen dira geletan, erabakiak hartzen dituzte, haien kideekin elkarrekintzan daude… Horrela, klaseko protagonista bihurtzen dira eta helduak bigarren plano batean gelditzen dira”.

Montessori heziketa Maria Montessori italiarrak garatutako metodo pedagogikoa da. Metodo honekin ikasleek ezagutzak eskuratzen dituzten heinean trebetasun pertsonalagoak ikasten dituzte, hala nola, autonomia, gizarteratzea, erabakiak hartzeko gaitasuna, etab. “Haurrak libreki mugitzen dira geletan, lan egin nahi duten materialen inguruan erabakiak hartzen dituzte, kideekin elkarrekintzan daude… Horrela, klaseko protagonista bihurtzen dira eta, bitartean, helduak bigarren plano batean mantentzen dira beharrezkoa denean soilik parte hartuz, azaltzen du hezitzaileak.

Ikasketa prozesuan ikasleek askatasunez ikasten dute baina muga batzuekin: “nire askatasuna bukatzen da bestearena hasten denean. Premisa honi jarraikiz arauak ezartzen ditugu, betiere norberarekiko, besteekiko eta ingurugiroarekiko errespetua bermatuz”.

Montessori formakuntzan behaketa da metodologiaren oinarrietako bat. Izan ere, honi esker hezitzaileak haur bakoitza hobeto ezagutu dezake eta garapenaren zein fasetan dagoen, aurrera egiten jarraitzeko zeren premia duen eta laguntza zertan behar duen zehaztu. “Behaketak ahalbidetzen du haur bakoitzari bere neurrira egindako heziketa ematea”.

“Hezkuntza formala jasotzeko modu berri bat eskaintzen dugu eta honek, zenbaitetan, nolabaiteko beldurra eragin diezaieke gurasoei”.

Epe motzerako helburuen artean, Aiurri Montessorik Eusko Jaurlaritzak homologatutako derrigorrezko hezkuntzako ikastetxe izan nahi du lehen hezkuntzako etapan. “Gizartean ikusgaitasun handiagoa nahi dugu, Montessori metodoak ehun urte baino gehiago dituen arren. Hezkuntza formala jasotzeko modu berri bat eskaintzen dugu eta honek, zenbaitetan, nolabaiteko beldurra eragin diezaieke gurasoei”.

Zentroa berriki handitu ostean, helburu hau hurbilago dago. “Zentro berriak Eusko Jaurlaritzak eskatutako baldintzak betetzen ditu homologazioa egin ahal izateko. Kiroldegia, aldagelak, jantokia, patio estalia, liburutegia eta gela handiagoak ikus daitezke dagoeneko. Gure proiektuan sinesten dugu eta aldeko apustu sendoa egin dugu”.