Arrakasta Jundizen bizikleta elektrikoen alokairuan

21-10-2019

Lehen bi asteko proben ondoren, Jundizeko Enpresa Parkeko langileak pozik daude industrialdera bizikleta elektrikoan joateko esperientziarekin. Bizikletak maileguan emateko doako zerbitzu hau orain dela bi aste jarri zuten martxan eta 30 izan ziren ekimen honetan izena eman zuten enpresak. Hasteko, 7 enpresetako langileei eman zitzaizkien bizikletak maileguan: Ditrel, Udapa, MCD – Mecanizado de Cremalleras de Dirección, Altel, Tamega, Cárnicas Sáenz eta Mekindu.

Batzuek bizikleta elektrikoa lehenengo aldiz erabiltzen zuten, baina esperientzia positiboa izan da. “Eguraldi oso ona egin duenez egun hauetan, esperientzia ezin hobea izan da. % 100eko laguntzari esker nahiko azkar joan zaitezke eta 80 km-ko autonomia du”, azaltzen du Rubén García Lecuonak, MCDen prozesu-ingeniariak. Bizikleta elektrikoa garraiobide erosoa eta azkarra da eta ingurumena errespetatzen du eta, ondorioz, gero eta erakargarriagoa da lanera joateko aukera gisa. “Bizikletak behar duzun laguntza zehatza ematen dizu aldapetan eta horri esker ez zara nekaturik eta izerditan iristen lanera. Bi aste hauetan bizikleta izan dut eta oso erraza eta erosoa dela iruditu zait”, dio Koldo López de Robles Paturpat – Udapako zuzendariak.

Ditrel enpresako Elisabeth Fernández Fríasek beste onura batzuk gehitzen dizkio garraio mota honi, hala nola erregaian aurreztea, gutxi kutsatzen duela eta ariketa fisikoa: “normalean motorra erabiltzen dut lanera etortzeko eta azkar nabaritu dut bizikleta elektrikoarekin diru dezente aurreztu dezakedala astero, gutxiago kutsatzeaz gain. Eguraldi ona dagoenean aukera oso interesgarria dela iruditzen zait”. Puntu negatibo bezala erabiltzaileetako batzuek nabarmentzen dute ez dagoela industrialderaino iristen den bidegorririk, Mercedes fabrikan amaitzen baita gaur egun. Enpresarien Elkarteak eskaera hau egin die dagoeneko erakundeei.

EbikeVialki, pedalketa jasangarrian aitzindariak.

Ekimen hau bi enpresen laguntzarekin jarri zen abian: Vialkiren EbikeVialki, bizikleta elektrikoen alokairu zerbitzua ematen duen enpresa eta BH, bizikleta horien ekoizlea. Lortu nahi den helburua da mugikortasun jasangarria sustatzea eta langileak Jundizera bizikletaz modu azkar eta erraz batean joan daitezen bultzatzea. Langileek 15 egunez erabil dezakete bizikleta elektrikoa. Bizikletarekin batera, sorta bat ematen zaie, eroso eta seguru ibili ahal izan daitezen. Sorta horretan, kaskoa, giltzarrapoa, txaleko islatzailea eta motxila datoz. E-bike horiekin ibiltzeko ezinbesteko elementu horiez gain, erabiltzaile guztiei egiten zaie asegurua.

Argazkia: Ditrel enpresako langileak EbikeVialkiren instalazioetan.

Albistea 'Gaurko bisita... EbikeVialki'

Privacy Preference Center